13 ene 2012

Ezin dut gehiago! Nahikoa da! Ez ditut jai hauek jasaten!


Oso ondo gogoratzen dut eguberri jaiak gorrotatzen hasi nintzen unea. Hamar urteko mutil zoriontsu eta alaia nintzen ni, 1995eko eguberri egunean. Nire adinari zegokion bezala, goiz esnatu nintzen, egon gelara korrika gerturatzeko. Han aurkitu nuen egoera benetan ahaztezina izan zen, han zeuden Olentzero, bere jantzi osoarekin eta nire ama, jantzi barik, txortan egiten. Negarrez eta oihuka hasi nintzen geldi ezinik. Mementu hartan Olentzerok txapela kenduz erakutsi zidan bere benetako nortasuna, nire aita zen.

Egoera latz hartatik aurrera nire bizitza goitik behera aldatu zen. Eguberriak maitatzetik gorrotatzera pasatu nintzen.  Orain ezin diot ikusi jai honi alde onik. Kontsumismoaren jaia, historian eraikitako gezurrik handiena, bukaezinak dira jai madarikatu hau deskribatzeko erabil ditzakedan adjektiboak. Gainera, ez da 25ean gertatzen dena bakarrik gorrotatzen dudana, baizik eta jai horietan guztietan gertatzen dena.

Hasi gaitezen Santo Tomasetik. Zentzurik ikusten diozue urteko egun motzenean horrelako festa ospatzeari? Ez da txistorra txerritik jan dezakegun zatirik txarrenetarik egindako hestebeterik traketsena? Ez da xelebrea sagardo unetik kanpo, sagardoa izatea festaren edari ofiziala? Eta zer esan urteberri jaiari buruz? Zergatik hasi behar dugu eguna sufrimendu horrekin? Nork erabaki zuen urtea eztarria pipitaz beteta dugula hastea? Ildotik kanpo egon daiteke esatea, zer nolako magia izango dute Errege Magoek hamahiru egun berandu ailegatu baziren?

Argi dago Eguberriak ez direla niretzat, baina arraroa ez izateko ospatu egin behar izaten ditut. Alde batetik bestera ibili naiz, gurasoekin gabon gauean afaltzen, aiton amonarenean familia osoarekin eguberri eguna jateko, bai, eguna jateko. Zenbatu ezinak dira jandako platerak eta irabazitako kiloak. Eta opariak pentsatu eta erosi behar dituzu: aitarentzat, Kindle famatua, liburuak irakurtzeko; amarentzat Span erabiltzeko bono bat; aitonarentzat txapela berria eta amarentzat? Spa gehiago, egia esan opariak egiteko ideiak agortuak ditut.

Eta zuri? Zuri zer oparitu dizute, galdetuko diozue orain zeuen buruari. Niri ezer ez, festa hauek gorrotatzen dudala aitzakiaz hartuz, ez didate ezer oparitu. Non ez dira eguberriak ospatzen? Hurrengoan, data hauetan nire bila bazarete, seguru hor egongo naizela

No hay comentarios:

Publicar un comentario